XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

ESKUALDUNAK.

Iberotar ala ez?

EZ DUTE bururatua oraino jakintsunek beren arteko auzia, Iberotar ote direnez Eskualdunak, ala berezi behar ditugun osoki edo hein batean bederen gizalde hartarik.

Gehienen ustea zen lehenago, eta egun ere hala dago, Iberotarren seme direla Eskualdunak; aspaldiko mendetan hedatuago izanik, heien odola zabilala beti nahastekatuago bertze tokietan, Eskual Herrian bakarrik zagolarik garbi egungo eguneraino.

Hala zioen duela berrehun eta zenbeit urte Eskaliger idazlariak (1695) Español lehengoak gu ginela; duela ehun urte (1821) Humbolt-ek ere Espainia guzian kausitzen zituen Eskualdunen hatzak, tokien izenek salhaturik; Frantzia behereko lurretan hedatuak erakutsi deraizku Luchaire-k Origines linguistiques de l'Aquitaine.

Uste berean daude Blade Les Iberes, Gerland Die Basken und die Iberer, eta bertze asko.

Eskualdunak Iberotarretarik osoki berezten dituztenak biziki gutiak dira; eskuko erhien gainean koka litezke errechki heien izenak: Philippon, Vinsion, Sanchez Calvo, Santos Dominguez.

Philippon delakoak argitaratu zuen 1909an, liburu gotor bat Iberotarrez Les Iberes.